XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurkitutakoan gogor estutu du odol jarioa eteteko eta hortzekin potrazala urratu du.

Bertan dagoen inor ez da konturatu noiz lekualdatzen diren arkumearen barrabilak Santelicesen ahora, baina gero, pauso batzuk atzera egin eta ontzi batean txu egiten ikusi dugu.

Bitartean, laguntzaileek baliorik gabeko zorro hutsa lotu dute odolisuria saihesteko.

Guztiok ontzat eman dugu Chile Chicoko panpatarraren ataza.

Hortzekin zikiratutako arkumeak ez du odol tanta bakarra galdu behar.

Hamabi bat animalia pasatu dira dagoeneko zikiratzaileen hortzetatik eta grisola erre zoragarriak irensten ari gara RADIO VENTISQUERO, LA VOZ DE PATAGONIA logotipoaz apainduriko jeep-a heltzen ikusi dugunean.

Jaisten ikusten dudan lehenengoa Baldo Araya da, Coyhaiqueko lizeoko irakasle tematsua eta Patagoniako historiagilea, Txileko diktadura militarrak iraun zuen artean, gorilek himno nazionalari erantsi zizkioten estrofak kantatzeari uko egin ziona.

Horrela, astelehenero, ikasle eta irakasleek zuen izenak, Txileren euskarri izan zareten soldaduak... gorrotagarria abesten zuten, denek kantatzen zuten Baldo Araya izan ezik, mutu geratzen baitzen.

Jipoitu egin zuten, agintariei desakatua egitearen salaketapean hilabetetan eduki zuten giltzapean, baina ezin izan zuten haren borondatea hautsi.

Azkenean, lizeotik kanporatzea erabaki zuten, baina orduan, goiz batean, Baquedano erregimentuaren aurrean, zakur zaindarietako bat lepamoztuta agertu zen muturrean ohar bat zuela: Nazkagarriak, ez al zarete konturatzen inguraturik zaudetela?

Zuek koartelaren barruan, gu kanpoan.

Utzi bakean Araya irakaslea.

Ez zuten kanporatu, baina ez zioten aurrerantzean soldatarik ordaindu.

Baldo ez zen gehiegi kezkatu eta historia unibertsaleko eskolak ematen segitu zuen.